- +33 (0)6 72 62 08 14
- kiribilinfo@gmail.com
Larrialdi kultural humanitarioaren kontzeptua, egoera biziki larrietan artearen eta kulturaren ezinbesteko lekua defendatzea da.
Edo krisi garaian artea eta kultura nola ekarri, bakoitzak duintasun apur bat berreskura dezan eta bestearekin lotura bat egin dezan.
Kiribil-ek lehen esperientzia sendoa egin zuen 2018ko apirilean, Libanon, Siriako mugan, errefuxiatutako haur eta familiekin.
Bigarren esperientzia bat antolatzen ari zen, Mexikon, IBBYrekin (nazioarteko haur literatura sarea) elkarlanean, baina Covid krisiak proiektua eten zuen.
Madagaskarren proiektu berri bat diseinatzen hasi zen 2023an eta bertan utzi egin zen. 2025 edo 2026 urteei begira, ART & JOY proiektu berria mamitzen ari da.
Proiektuaren aurkezpen orokorra: Art & Joy
ART & JOY Kiribil elkarteko artistek eramaten duten proiektu ibiltaria da. Helburua da artearen jakintzak eta praktikak partekatzea jendearekin.
Proiektua larrialdi kultural humanitarioaren ideian oinarritzen da. Horrek erran nahi du artea eta kultura ezinbestekoak direla gizartearentzat. Artea ez da luxu bat: beharrezkoa da pertsonaren garapenerako eta duintasunerako. Horregatik, Kiribil elkarteak bere esperientzia eta tresna artistikoak ahal den jende gehienarekin partekatu nahi ditu.
Lehen bidaia 2026ko maiatzean eginen da, Ukrainan.
Ondotik, beste bidaia batzuk izanen dira munduko beste leku batzuetan, beti ere emateko eta partekatzeko gogo horrekin, ikuskizunen bidez eta joko artistikoen bidez, tokiko elkarteekin, GKEekin eta beste erakundeekin batera.
ART & JOY proiektuko joko artistikoak denentzat dira. Ez da behar trebetasun berezirik, ez formakuntza artistikorik, ez eta material berezirik ere. Jokoak sinpleak dira, eta denek uler ditzakete. Hori da proiektuaren bihotza.
Tailer bakoitzaren ondotik, maleta bat uzten da tokian. Maletan, joko bakoitzarentzat bideo bat bada, QR kode baten bidez ikusten ahal dena, pausoz pauso jokoak nola egin erakusteko.
Partekatze horri gehitzeko, karrikako ikuskizun bat sortu da. Forma alaia eta bizia da, edozein lekutan eta edozein unetan sortzeko plazerra jendearekin partekatzeko.
Proiektu horrekin, bereziki jende ahulari begira, hiru helburu nagusi ditugu:
Jendearen arteko konfiantza, entzutea eta harremanak indartzea.
Gorputza eta burua mugimenduan jartzea.
Irudimena eta sorkuntza piztea, hobeki sentitzeko eta besteekin lotura egiteko.
Traumatismoa eta osasun mentala lantzeko, jokoak, sorkuntza eta gorputzari loturiko laguntza uztartzen ditugu, parte-hartzaileen oreka emozionala eta fisikoa berriz sendotzeko.
Helburuak
Proiektuaren helburu nagusia bizitzako trauma edo zailtasunak bizi izan dituzten pertsonen berreraikuntza indibiduala eta kolektiboa sustatzea da.
Helburu horiek osasun mentalaren ikuspegi batean kokatzen dira, osasun orokorraren funtsezko atal gisa ulertuta. Parte-hartzaileen ongizate psikiko eta emozionala hobetzea edo hobetzen laguntzea, proiektuaren ardatz nagusietako bat da.
Proiektuak pertsona bakotxa hortara erematen du:
Sorkuntzaren bidez norberarengan konfiantza eta balorazio pertsonala berreskuratzea.
Besteekin komunikazioa berriz lotzea, harreman sozialak sendotzea eta gizataldearekiko kide izatearen sentimendua indartzea, elkartasuna, laguntza eta elkarbizitza landuz.
Bakotxaren sormena garatzea, molde desberdinetan eta denei irekia.
Ekintza hauen bidez, ART & JOY proiektuak bakotxaren barneko sormenaren zatia piztu eta hizkuntza artistikoen aniztasunera irekitzea bilatzen du.
Kiribil elkarteak pertsonak elkartzeko, lasaitasuna emateko eta bakoitzaren garapena sustatzeko lan egiten du
ART & JOY maleta
Maleta bidaia eta beharrezko gauzen sinboloa da. Egunerokotik ateratzeko gonbita da, joko eta esperientzia artistikoen hasiera da. Barnean gauza sinple batzuk badira: baloin bat, soka bat, oihal batzuk…Berehala erabiltzeko dira. Gero, bakotxak bere maleta osa dezake: baloin gehiago gehitu, edo tokian bertan aurkitutako objektuak sartu.
Maletaren azpian lau QR kode badira:
Lehenak proiektuaren azalpen orokorra eramaten du (PDF formatuan eta hizkuntza askotan).
Beste hiruek jokoen bideo laburrak erakusten dituzte. Bideoek ez dute hitzik, eta denek uler ditzakete, mugikorrean edo ordenagailuan.
Jokoak hiru multzotan banatzen dira:
C-C (Konfiantza – Konexioa): konfiantza eta harremanak lantzeko.
S-M (Mugimendua): gorputza martxan jartzeko.
I-C (Irudimena – Sormena): irudimena eta sormena pizteko.
Joko guztiek, hala ere, hiru helburuak lantzen dituzte.
Maletaren helburua da jendeak joko artistikoak besteekin partekatzea: hezkuntza zentroetan, eskoletan, errefuxiatu kanpamentuetan edo artearen bidez lotura sortu nahi duen edonork. Bideoetara sartzea errexa da.
Jokoak denentzat dira, artista izan edo ez. Material gutxi behar da: baloin batzu, oihalak edo eguneroko objektuak.
Denborarekin, erabiltzaileek ikusiko dute jokoen eragin ona. Orduan, jokoak moldatu ahal izango dituzte, eta berriak sortu ere bai. Hola, jolas bilduma handitzen joango da, denon sormenari esker.
2018 hasieran, Kiribil-ek Libanora bidaiatu zuen Siriako gerrako errefuxiatuei laguntzen saiatzeko, Beyond Libanoko GKEarekin elkarlanean.
Azken honek “zentroak” edo “aurre-eskolak” sortu zituen, txabola-akanpamenduen barruan, Libano osoan, haurrak lan-mundutik kanporatu, eta eskolarako bidean berriro jartzeko asmoz.
Kiribil-ek GKEaren deialdiari erantzun zion, eta elkarrekin proiektu bat eraiki zuten helburu hauekin:
– Halako zentro batean haur literatura espazio bat sortzea.
– Tailer artistikoen bidez, haurrak idazle-ilustratzaile bilakaarazi.
– Ikastegiko irakasleak haur album ilustratuen erabileran eta ustiapenean trebatzea.
– Familiei esperientzia poetiko eta artistikoa eskaintzea, txaboletako akanpamenduetan bertan, sortzaile bihurtuz, euren egunerokoa arintzeko.
“Zuri Madame…” behaketa film bat da, testigantza, eta arteak eta kulturak gerrak zauritutako eta ubeldutako izakiak sendatu eta berreraiki ditzaketela erakusten du.
Apaltasun osoz, esku-hartze artistiko eta kulturalaren eremu bat ireki dezakeen planteamendu originala erakutsiz, inolako inperialismorik gabe, edozein gatazka egoeratan.
Barreak, irakurketak eta sorkuntzak etsaiegi den errealitate bat uztera eramaten duten une iheskor horiek harrapatu nahi izan ditut.
Larrialdi kultural humanitarioaren ideia honek kultura eta artearen sarbideak duen garrantzia erakusten du, zaintza, etxebizitza edo janaria eskuratzeko modu berean.
Larrialdi Kultural Humanitarioak bizi behar du: norbere burua berreraikitzeko, bakarka edo kolektiboan. »
Marc Iribarne, filmaren zuzendaria